IKA Euskaltegiak

Nortzuk gara > Koordinakundea

IKA Nafarroako eta Arabako zenbait euskaltegik osaturiko koordinakundea da. IKA 1989an sortu bazen ere, bertan biltzen diren euskaltegiok aspaldi ari gara euskalduntze eta alfabetatze lanetan.

Nafarroan eta Araban honako leku hauetan ari gara lanean:

  • Araban: Gasteizen eta Errioxan (Lapueblan, Bastidan, Biasterin, Oionen, Bianan eta Mendabian).
  • Nafarroan: Iruñerrian (Iruñean, Barañainen eta Atarrabian), Bortzirietan (Lesakan eta Beran), Malerrekan (Donezteben) eta Leitzaldean (Leitzan, Larraunen, Basaburuan eta Imotzen). Euskararen irakaskuntza da IKAko irakasleon lan nagusia. Horretaz gain, gure euskaltegien funtzionamendu egokia ziurtatzea ere irakasleoi dagokigu.

Gure ustez, ikasgelako jarduna eskolak ematea baino zabalagoa da. Ondoko hauek ere badira, besteak beste, irakaskuntzaren betebeharrak: ikasleen arteko harremanak bideratzea eta sendotzea, taldean giro egokia sortzea, ikasleen motibazioa indartzea, ikasleei laguntza eta aholkuak ematea, ikasleen jarraipena egitea, eskola dinamikoak eta atseginak lortzen ahalegintzea, euskararen erabilera sustatzea, ikasleen parte hartzea bultzatzea eta eskolaz kanpoko ekintzak bideratzea. Izan ere, aipaturiko alderdiak egokiro zaintzeak eragin zuzena du ikasleen atarramentuan eta satisfazio-mailan.

IKASTARI (IKA) KULTUR ELKARTEA · Comedias, 14 · 31001 · IRUŅEA Tel: 948 - 22 22 46