IKA Euskaltegiak

Nortzuk gara > Metodika

1.- DIDAKTIKA TALDEA:

Didaktika Taldea irakaskuntzaren planifikazioa egin eta bideratzeaz, material didaktikoa sortu eta hobetzeaz eta irakasleen prestakuntza antolatzeaz arduratzen da. Taldea didaktika arduradunek (2), maila bakoitzeko arduradunek (4) eta material didaktikoa sortzen aritzen direnek (4) osatzen dute, guztira 10 lagunek.

Didaktika arduradunen lana da euskaltegian egiten diren didaktika lan guztiak koordinatzea, eta mailetako koordinatzaileekin batera hainbat eginkizun egiten dituzte: irakaskuntza planifikatu, koordinazioa eta segimendua egiten dute; irakasleen, arituen nahiz berrien prestakuntza bideratzen dute; halaber, Nafarroako eta Arabar Errioxako IKArekiko eta kanpoko talde eta erakundeekiko harreman didaktikoaz arduratzen dira.

Mailetako lau koordinatzaileen egiteko nagusia goian esandakoez gain, maila bakoitzeko irakasleak koordinatzea da: irakasleei laguntzea, irakasleek dituzten beharrei eta eskakizunei erantzutea, materialari buruzko balorazioak egitea.

Material sorketari berebiziko garrantzia eman izan diogu beti Gasteizko IKAn, materiala zein metodologia berrikuntzak aintzat hartzen ditugu.

Informazio gehiago: didaktika@ikaeuskaltegiak.eus

2.- HELBURU OROKORRAK:

Gure euskaltegian hiru mailatan bereizten dugu helduen euskalduntzearen ikas-prozesua: lehenengo maila (bitan banatua: 1.A maila eta 1.B), bigarren maila eta hirugarrena.

LEHEN MAILA

1.A maila burututakoan, ikaslea gai izango da:

  • Kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, eta pertsona eta objektuen deskripzio laburrak ulertzeko.
  • Kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, eta pertsona eta objektuen deskripzio laburrak ahoz nahiz idatziz oso modu sinplez adierazteko.
  • Harreman hurbilen inguruan zenbait funtzio komunikatibo ezagutu eta erabiltzeko.
  • Mezu nagusia eta orokorra jaso eta batzuetan adierazteko.
  • Zenbaitetan informazio xehea jasotzeko (helburuaren arabera eta testuaren egiturak bideratzen duenean).

1.B maila burututakoan, ikaslea gai izango da:

  • Kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, eta pertsona eta objektuen deskripzio laburrak ulertzeko.
  • Kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, eta pertsona eta objektuen deskripzio laburrak ahoz nahiz idatziz adierazteko.
  • Solasaldietan parte hartzeko.
  • Mezu nagusia eta orokorra jaso eta adierazteko.
  • Zenbaitetan informazio xehea jasotzeko (helburuaren arabera eta testuaren egiturak bideratzen duenean).

BIGARREN MAILA

2. maila burututakoan, ikaslea gai izango da:

  • Solasaldiak, jardunak, narrazioak, deskripzioak, instrukzioak, azalpenak zein iritziak ulertu eta ahoz nahiz idatziz adierazteko. Hala ere, ñabardurak jaso eta adierazteko zailtasunak izango ditu.

HIRUGARREN MAILA

3. maila burututakoan, ikaslea gai izango da:

  • Edozein hizketa ulertzeko.
  • Zuzentasunez, egokitasunez eta aberastasunez komunikatzeko.
  • Testu era guztiak erabiltzeko eta idazteko.

Hala ere, zailtasunak izango ditu gai espezializatuei eta erregistro bereziei buruzko testuak jaso eta adierazteko.

3.- MATERIALA:

Gasteizko IKAren eginkizunik garrantzitsuenetariko bat eskoletan erabiltzen dugun oinarrizko material didaktikoa sortzea da. Maila guztietakoa egina badugu ere, etengabeko berrikuntza behar izaten du, eguneratu egin behar baita bai metodologiaren aldetik bai gaien aldetik ere. Material idatziaz gainera, bideoak eta audioak ere biltzen ditugu.

Hauexek dira orain arte sortu ditugunak:

  • Hitzetik Hortzera: gure eskoletan erabiltzeko oinarrizko materiala.
  • 6. urratsa bitarteko Ikaslearen Liburuak eta EGA Ikaslearen Liburua. Ikasleak bakarka eta nor bere beharren arabera erabiltzeko liburuak dira. Guztiak liburu-dendetan daude salgai eta asko erabiltzen dira euskaltegietan, ikastetxeetan, hizkuntza akademietan eta hizkuntza eskoletan.
  • Udako barnetegietan erabiltzeko material didaktikoa. Urrats guztietarako sortua dugu, ingurua eta helburuak kontuan izanda; hizkuntzaren erabilera bultzatzeko egindako materiala da.
  • Xede berezia duten taldeentzako material didaktikoa. Gure materiala talde hauen beharretara egokitzen ari gara.

4.- METODOLOGIA:

1984an Arabako Didaktika Taldeak komunikazioaren ildoko metodologian sakondu eta material didaktikoa sortzeari ekin zion, ordura arteko metodologiak hobetzeko asmoz. Ahalegin horretatik Jokabide Nozio Funtzionala (1986) eta Jokoak Hizkuntza Irakaskuntzan (1986) lanak kaleratu ziren alde batetik eta, bestetik, Joko Bilduma (1988) eta Hitzetik Hortzera 1., 2. eta 3. urratsak (1986-88). Jokabide Nozio Funtzionalak printzipio metodologikoak ezarri zituen; Hitzetik Hortzerak ikasgelako materiala biltzen zuen.

Jokabide Nozio Funtzionalak hainbat aldaketa metodologiko ekarri zituen:

  • Komunikazioa hartu zuen euskara eskolen ardatz eta helburu.
  • Adierazkortasunari eman zion lehentasuna, zuzentasunaren gainetik.
  • Hizkuntza bizi eta errealera hurbiltzeko nahia azaldu zuen.
  • Euskararen irakaskuntzan kontzeptu berriak plazaratu zituen.
  • Funtzio komunikatiboa eskolen ardatz jarri zuen.
  • Adierazpide linguistikoak irakasteko era aldatu zuen: gramatika operatiboa hobetsi zuen funtzioen baitan.

Gaur egun, komunikazioan ardazturiko metodologiak nagusi dira euskararen irakaskuntzan, teoria mailan bederen. Aspaldi honetan komunikazioaren inguruko hainbat ikerketa teoriko egin dira, bai eta ekarpen praktikoak egin ere. Horietako bat ataza dugu.

Atazetan oinarritutako irakaskuntza (AOI) xede komunikatiboa duen jarduera, ekintza edo ariketa multzoa da, eta ikasleek zerbait zehatza (ahozko nahiz idatzizko testu bat) sortzea du helburu. Jarduerak ikasleen bizipen eta interesetatik hurbilak izango dira eta ikasleek zerbait egin edo esateko aukera izango dute. Jarduera komunikatiboaren urratsak zehatz-mehatz finkatzen dira, eta ikasleei mota askotako bitartekoak eskaintzen zaizkie helburua ahalik eta ondoen betetzeko.

Jokabide Nozio Funtzionalean nozioak eta funtzioak komunikazio-ekintzen bidez (egoera erreal batean eta informazio-trukaketa ziurtatuz) lantzen dira. Jokabide horrek 1. A mailan erabiltzeko metodologia zehaztu zuen, eta uste dugu maila honetan gaur egun ere guztiz baliagarria dela.

Beste mailetan Jokabide Nozio Funtzionalak mugak ditu euskalduntze prozesua nola eratu behar den finkatzeko. Horren ondorioz, indefinizioan murgildu gara maiz, bide garbirik zehaztu ezinean. Jokabide Nozio Funtzionalaren kontzeptuak mantendu arren, funtzioa eta nozioa bazterturik gelditu dira sarri praktikan.

Gure ustez, Atazetan oinarritutako Irakaskuntza (AOI) gure metodologiak dituen zenbait hutsune eta gabezia osatzera dator. Horrela, gaur egun ia maila guztietan erabili ohi ditugu atazak: hasierako mailetan, ataza solteak eta, aurrera egin ahala, gero eta gehiago; bukaerako mailetan ataza da ardatza. Hori dela eta, 1. A mailarako funtzio komunikatiboen bidezko irakaskuntza hobetsi dugun bezala, beste mailetan ataza erabiltzea biderik aproposena delakoan gaude. Dena dela, maila bakoitzaren berezitasunak eta beharrak ongi aztertu behar dira atazaren markoa maila bakoitzari nola egokitu zehazteko.

IKASTARI (IKA) KULTUR ELKARTEA · Comedias, 14 · 31001 · IRUŅEA Tel: 948 - 22 22 46